Ana Malagon
Blogean zaude
RSS harpidetza

Bilatzailea

Arbasoen arrastoak

2006(e)ko urriaren 22(a)

Lehengoan komentatu nuen, familia mormoi baten bila nenbilela. Ez, lasai, ez dut topatu oraindik. Baina bidean eta Zumarragako Udala eta Donostiako Elizbarrutiko Artxiboari esker, familia katoliko bat topatu dut. J.-k esan didanez, ez dakit noren aginduz (Gipuzkoako Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak, total, igual da) 2008rako Gipuzkoa osoko elizetan bataiatu, ezkondu eta funerala jaso zutenen datubasea digitalizatu behar dute. Lanak hasiak dira eta dagoeneko burututakoa online aurki dezakezue bilatzaile honetan. Bart, gaueko ordu txikietararte ibili nintzen nire arbasoen aztarnak jarraitzen. Bilaketa ondo egin badut, 1669 urtean eten egiten dira nire datuak. Modu xume batean eta ironiko, hauek dira atera ditudan ondorioak:

  1. Ez ziren oso bidaiariak: Zumarraga eta Azkoitia artean gelditu ziren (Urretxu digitalizatzea nahi nuke, zenbait kasutan arrastoa herri horretan galtzen dudala uste dut).
  2. Zenbait abizen idazteko moduak aldatzen dira denboran: Elgarresta - Elgarrezta, Agirreburualde - Agirreburralde. Ortografia ere aldatu egiten da: Aguirrevengoa - Aguirrebengoa. Buruhausteak larunbat bateko gaueko hiruretan bilatzen ari zarenean.
  3. Abizen sinpleek iturri konposatua izan dezakete: Zaldua - Zaldua de Soraiz. Zuen ilustraziorako, Soraiz, nire aitaita jaiotako baserria da Zumarragako Antigua aldean. Nire aitaita Juan Zaldua zen. Beraz, pentsa zenbat urtez egongo ziren VPO hartatik mugitu gabe Zalduatarrak.
  4. Bai amamaren aldetik, bai aitaitaren aldetik, endogamia kasuak ditut. Borboiak eta Habsburgoak bezalaxe. Hala atera gara gu…